Hodei guztien azpitik, hesi guztien gainetik: Burdin Hesia Laudion

IMG_20160524_103012

Gerra orbainak Goikogane mendian (Laudio) (iturria: Soyuz Gorriren mugikor traketsa)

Azterketa psikoteknikoa ere gaindituko ez lukeen taldetxo honetan, GASean, ofizialki “hizkuntza koofizialekiko” errespetu handia dugu. Baina, guk, progre españolazook ezer gutxi egin dugu horren alde. Beraz, gaurkoan, euskaraz -bada ordua ere- GASek hesiak gainditzeko konpromisoa erakutsi nahi du. Eta horrela, ez dugu aitzaki hoberik topatu beste hesi batez hitz egiteko, Bilboko Burdin Hesiaz, alegia. Pasa den igandean, maiatzaren 29an, gutako bat Laudion izan zen, jardunaldi arkeholiko batez gozatzeko: Santa Luziako jaiak, konpainia onean eta oroimen historikoaz, gatazkaren ondareaz eta Gerra Zibilaz hitz egiteko. Gaur: hodei guztien azpitik, hesi guztien gainetik… Gerrako Burdin Hesiaren aztarnak eta herri ekimenak memoriaren alde.

Data: 2016ko maiatzaren 29a. Lekua: Laudio inguruko mendiak (Araba). Aitzakia: Santa Luziako jaiak eta horri lotutako ekitaldiak (berbena, txosna, mendi-martxa, bisitaldi gidatua Burdin Hesiaren aztarnetan zehar eta -zergatik ez?- Nietzscheren supergizakiek soilik egin zezaketen “Burdin Hesia” izeneko mendi-lasterketa ere). Gutako batek -nork berdin dio, Wu Ming-en subalterno random batek- Gerra Zibilak Laudioko paisaian utzitako aztarnak erakustearean ardura jaso zuen.

CjnZUEsWYAEf_n5

Burdin Hesira bisitaldia (2016/05/29) (iturria: @aiaraldea)

Paisaiaren Arkeologia potentzialtasun handiko tresna dugu. Palinpsesto baten modura, estratu ezberdinak metatuz doaz lurraldean, prozesu historiko anitzek euren aztarnak uzten baitituzte. Euskal Herrian, gure paisaia izugarri antropizatuta dago: pinudien birlandaketek gure mendiak estaltzen dituzte, Frankismoaren urtegietan pasatzen ditugu uda egun sargoritsu asko eta zenbait azpiegitura polemikok orbain erraldoiak egiten dituzte inguru naturalean -naturala dela zilegizkoa izango balitz… Dena dela, 1936ko Gerrak ere bere markak utzi ditu.

Euskalfronteak1937martx

(Iturria: Soyuz Gorri eta bere trebetasun informatikoak)

Hauen artean, oso interesgarriak dira Bilboko Burdin Hesiarenak. 1936ko udazkenean, Gerra Zibilaren frontea oro har Bizkaiko mugaldeetan finkatuta zegoenean, Agirre lehendakariaren Euzko Jaurlaritzak “Maginot Lerroaren” antzeko azpiegitura militar ikusgarriaren eraiketari ekin zion. Bilboko hiriburua setiatuta ere modu “autonomoan” defendatu ahal izatea zen proiektu honen helburua, nolabait, XIX. mendeko karlistaldietan gertatu izan zenaren antzera. Metrailadore habiez, lubakiz eta babeslekuz osatutako lerro luze honek bizkaitar hiriburua inguratuko zuen, orografia malkartsuaren abantailak aprobetxatuz. Horrela, 40 ingeniari eta arkitekto baino gehiago eta 8500 langile inguru bildu zituen lan handia martxan jarri zen. Eibar, Elgeta, Legutio edota Amurrioko frontean euskal errepublikarrek frankistei aurre egiten zieten bitartean, errekrutatuak izan ez ziren asko gotortze-lanetan arituko ziren. Gerra totalaren logika da: eskuragarri dagoen guztia mobilizatzen da azken garaipena lortu arte.

Oso ezaguna da Burdin Hesiaren inguruko beste pasarte bat. Goikoetxea ingeniaria, proiektu honen koordinatzailetako bat, bando frankistara pasatu eta oraindik eraikitze-prozesuan zegoen azpiegitura honen ahulguneak seinalatu zituen, altxatuen garaipena ziurtatu nahian. TALGO trena diseinatuko duen honek “traizioaren” marka darama une horretatik aurrera. Ez dakigu zenbateraino erabakigarria izan zen Goikoetxeak frankistei eskainitako informazioa, baina dakiguna zera da: 1937ko ekainean, Bizkaiko ofentsiba betean, Francoren soldaduek Burdin Hesiaren ahulgunetako bat suntsitu eta Bilbo garaitzea lortu zuten. Honakoa izan zen Gerra Zibilaren amaiera Euskal Herrian.

Laudiori dagokionez, Bilbotik oso gertu dagoen herri arabar honetan, Euzko Jaurlaritzak bere aireportuetako bat zuen, Sondika eta Lamiakorekin batera. Iparraldeko Fronte honetan, errepublikarrek oso hegazkin gutxi izan zituzten eta horrek Kondor Legio alemaniarrak izugarri aprobetxatu zuen -esaterako, Durangon, Mungian edota Gernikan. Duela gutxi ikusi dugun moduan, duela hamarkada batzuk, aireportuak txanpinoien antzera ernatzen ziren handik eta hemendik, Salburua kasu. Kasu honetan, Kondor Legioak Laudioko aireportuari buruzko “txosten bat” egin zuen.

AeródromoLlodioLegiónCóndor

Laudioko “aireportua” (erdialdean dagoen lur-sail argia) (iturria: flickr)

IMG_20160524_084552

Laudioko “aireportua” egon zen lekua. Gaur egun, “helduentzako parkea” (iturria: S. G.)

Edonola ere, Laudio pasabide estrategikoa zen Araba frankista eta Bizkaia errepublikarraren artean. Nolabait, Bilborako ate nagusietako bat zen (eta hala da gaur ere). Ez da harritzekoa Burdin Hesiaren lantza-punta moduko bat Laudio inguruko mendietan ezartzea: Goikogane-Kamaraka-Gazteluzar mendiek defentsa-lerro erabakigarria osatuko zuten (teorikoki). Bertan, hainbat azpiegitura militar eta gotorleku finkatu zituzten, gaur egun ere ikus daitezkeenak. Azken urtetan, Burdin Hesiaren elementu hauetako asko erregistro batean landu izan dira (info. gehiago hemen).

LAUDIOdiakro

Burdin Hesia Laudion (puntuak: metrailadore-habiak; karratuak: babeslekuak) (iturria: Soyuz Gorri)

Gerra-eszenatoki askotan, aztarna belikoekin batera, memoria frankista ofizialaren ikonoak topa daitezke: karlisten via crucisak, martir eta eroriei monumentuak, etab. Erregimenak gure mendien kolonizazio ideologikoari ekin zion, nazionalkatolizismoaren eskutik. Izan ere, askotan hain inozotzat hartzen ditugun mendietako gailurren gurutzeak jatorri frankistakoak dira. Baina, Laudioko mendi hauetan ez dugu halakorik topatuko. Ez dago Erregimenaren partetik materializatutako omenaldi materialik. Eta hau nahiko arraroa da. Baina, zergatik?

Del pueblo de Larraul a Dios, Muchas Gracias 3-8-1939 . Padre nuestro... Expuesta por Basurde

Konfiantza osoz… Noski baietz! Jaungoikoari eskerrik asko! (Gailur bateko gurutzearen inskripzio frankista, Larraul. Iturria: frentesdeeuskadi)

Inteligentzia militarraren historian kontraesanak nagusi dira: hasteko, “inteligentzia” eta “militarra” gehitzean jada ematen da. Laudion antzeko zeozer gertatu zen. Ikur frankistarik ez egotearen arrazoia hemen “sakrifizio nazionalik” eman ez zela ikustean antzematen dugu. Izan ere, Burdin Hesiaren atal honetan, milioika pezetako lanen ostean, ez zen borrokaldirik eman. Bilbo hiria 1937ko ekainaren 19an erori zen, Euzko Jaurlaritzak Santanderrera ihes egin behar izan zuen eta Laudio hartua izan zen tiro bat bota gabe -fusilamendu frankistenak salbu, noski.

IMG_20160524_111415

Berreraikitako metrailadore-habia, Kamaraka mendian (iturria: Soyuz Gorri)

Beraz, honakoa “gatazkaren ondarea” al da? Ala ez?

IMG_20160529_120100

Igandeko bisitaldiko partaideak Kamarakan (iturria: S. G.).

Edonola ere, azken urtetan gune hauen patrimonializazioa martxan jarri izan da. Laudioko Udalak eta Sancho de Beurko elkarteak “Basabideak” izeneko iniziatiban, Burdin Hesia bisitatzeko ibilbidea antolatu dute eta hori egin zuten hainbat bisitarik pasa den igandean. Gure unibertsitate publikoak egin ez duen lana -utzikeriagatik edo dena delakoagatik-, gizarte zibiletik jaiotako iniziatibek bete behar izan dute. Herri-ekimenetan, memoria historikoa eta ondare gatazkatsu hauenganako interesa nabarmena da. Guk, arkeologook, egin beharko genukeena zera da: entzun eta egin. Eta -zergatik ez?- Santa Luzia bezalako jaietan kalimotxoaz eta berbenaz gozatzea ere, baina, egia esan, horretan nahiko profesionalak eta fidelak izan ohi gara.

Soyuz Gorri

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s