Desengainu historikoak

lcr59

Satrus burkidearen azken ekarpena, Transición y melancolía (Behorlegi 2017) liburuaren inguruan. Trantsizioaren bide mingotsak ardatz, goazen “desencanto” delakoaz eta porrot ezberdinez hitz egitera.

David Behorlegi historialari nafarrak bere tesian oinarritutako liburu bat publikatu berri du. Transición y melancolía du izena eta Hego Euskal Herrian Trantsizioaz geroztik gertatu zen Desencanto (desilusio, desengainu) fenomenoa lantzen du. Ezker erradikalaren inguruko lan berritzailea da, militantziaren alderdi subjektiboa eta sentimenduen historia lantzen baititu.

Baina zer arraio da Desencanto-a? Frankismoaren bukaera aldera, 68ko maiatzaren oihartzunen eraginpeko ezkerreko alderdi antikapitalista dinamikoak sortu ziren, euskal-nafar lurraldean diktaduraren aurkako oposizioa hegemonizatu zutenak. Borrokalari haien helburua diktadura eraisteaz gain, iraultzaren bidez gizarte sozialista ezartzea zen eta langile mugimenduaren mobilizazio olatu handiak eragitea lortu zuten. Greba eta mobilizazioen arrakasta handia izan zenez, militanteak euforiaz eta bozkarioz bete ziren: Patxi hil bezain pronto iraultza geldiezina izanen zela eta gizarte berria zekarren etorkizuna ezinbestean egi bilakatuko zela baitzirudien. Baina zoritxarrez ez zen horrela izan. Erreforma postfrankistak eta neodemokratak finkatzea lortu zuen eta hatz puntekin ukitzear zegoen iraultza espektatiba hura desagertu egin zen. Hausturaren aldeko mobilizazioen porrota zela kausa, borrokalarien artean tristura sentimendu politiko bat zabaldu zen. Eta tristura sentimendu garratz horri DESENCANTO deitu zitzaion.

Postmodernitatearen hasiera?

Liburua irakurtzerakoan, antifrankismoaren langile mugimenduarena eta garaiko ezker erradikalarena modernitatearen azken gudua izan zitekeela datorkigu burura. Ez da harritzekoa horrelako testuinguru batean, ezkutuan sortzen ari zen ikusmolde postmodernoa bat-batean azaleratu izana. Imagina al dezakezue zer sentitu zuen munduaren ikuskera teleologikoa zuen militante tipiko hark? Etorkizuneko iraultza saihestezin eta beharrezkoan konfiantza jarria zuen, baita bizi proiektua pertsonala horren arabera baldintzatu ere! Eta halako batean… PUF! Egunetik gauera etorkizunarenganako perspektiba eta konfiantza hori desagertu egin zen.

Porrotaren kudeaketa zaila

Egoera hartan, militanteen erantzunak oso ezberdinak izan ziren. Batzuek, borrokaz nekatuta eta etsituta, militantzia utzi, eta bizitza sinple eta aspergarria edukitzea erabaki zuten. Hauetako askok, gainera, sistema neofrankista konstituzionalaren oinarrietako bat bilakatu zen PSOE alderdian izena ematea erabaki zuten.

Beste askok, borroka armatuan eta ezker abertzalearengan jarri zuten esperantza, altxamendu proletario baten bidez lortu ez zena armen bidez lor zitekeela pentsatu baitzuten. Honek, hein handi batean, azal lezake, Trantsizioak aurrera egin ahala, zergatik hartu zuen HBk ezker erradikalaren lekukoa (eta ez ditxosozko vanpirizazioaren kontu horrek!).

Beste askok, aldiz, mugimendu sozial berrietan (feminismo, ekologismo, bakezaletasun eta antimilitarismoa, …) jarri zuten konfiantza. Mugimenduotako batzuek iraultza norbanakoengandik eta orainaldian egin behar zela uste zuten, eta ingurunea borroka pertsonalen bidez aldatzea espero zuten. Behorlegik berritasunean jarritako konfidantza presentista eta berehalako honi “Hipermodernitatea” izena jarri dio.

Bestalde, porrot horren ondorioak bizi izan zituen hurrengo belaunaldiak “Etorkizunik ez dago!” bezalako lelo antimodernoa zuen punk mugimenduan bilatu zuen babesa: azpimarragarria benetan.

Desengainu politikoak egun

Gauza hauek guztiak Behorlegiren lanean jorratzen dira. Zentzu batean, liburua irakurriz, gaur egungo egoerarekin paralelismoak egiteko tentazioa dago.

Ezker abertzaleko militanteek urte luzez borroka armatuan konfiantza jarririk izan dute, erakundeak (the organization) helburua lortzeko norabidea erakusten zuen itsasargi funtzioa betetzen zuelarik: ETAk teleosa markatzen eta indartzen zuela, alegia.

Baina borroka armatua desagertzerakoan, porrot politiko eta sentimentala kudeatzeko garaia ailegatu da eta Trantsizio garaiko desencanto/desengainuaren parekoak azaleratu dira. Horietako batzuk oso irrazionalak eta erraietakoak izan dira: eszisio eta zatiketa nostalgikoak kasu. Beste kide batzuk, bestalde, politika instituzional eta erreformistan murgildu dira. Gazte erakundea, aldiz, molotov koktelak botatzen ibiltzetik kooperatibismo-alternatibistan eta feminismoarekin loturik dauden borroketan errealitatea aldatzen saiatzera pastu da. Eta beste askok, guztiz nazkaturik dena atzean utzi eta bizitza politikoa baztertu dute. Zenbaitetan Historia errepikatu egiten dela ematen du.

Garai historiko berria ireki da Euskal Herrian, eta nire uste apalean, honezkero, ekialdean jugostalgiaz eta ostalgiaz edo Espainian Trantsizioaren kulturaz hitz egiten den bezalaxe, ETAlgiaz eta postkonfliktoaren kulturaz hitz egiten has gintezke.

SATRUS

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s